martes, 8 de noviembre de 2011

AMERIKANUAK

IZENBURUA: Amerikanuak


ZUZENDARIA: Nacho Reig

EDIZIOA: Gorka Bilbao

URTEA: 2010

IRAUPENA: 91 minutu

SINOPSIA 

Amerikanuak dokumentalak Nevadako (AEB) Elko herrira joandako zenbait immigrante euskaldunen historia kontatuko digu, hauen egunerokotasuna islatuz. Funtsean, nostalgiari buruz hitz egingo digu, herrialde arrotz batean bizitza duina eramateko borrokari eta komunitate bateko kide sentitzeari buruz. Ikuspuntu errealista batetik munduko euskal diasporaren zati baten egoera erakusten da.

TESTUINGURUA 

Dokumental hau Gorka Bilbaoren eskutik jaio zen, zeinaren aitona 15 urte luzez aritu baitzen Estatu Batuetan artzain lanetan. Etxean bizitako egoera izanik, honi buruzko kontaketa bat egitera jo zuten bai bera keta baita Nacho Reig lagunak ere. Produkzio independentea izanik, Gernikako Udalaren edota Berde Produkzioak ekoiztetxearen laguntza jaso zuten.

Bost asteren buruan, lau lagunek osatutako lan talde bat Elkon (Nevada) bertan izan zen garai batean Euskal Herria utzi eta Ameriketako Mendebalde urrunera zorte bila joandako euskaldunen istorioak jasotzen. Egileen asmoa zera zen, 50ko hamarkadara arte dirua egitera Amerikara joan zen euskal gazte komunitate oso baten azken aztarnen berri ematea. Egokitzapen istorioak dira, lan gogorrarenak, norberaren sustraietatik alde egin eta horrek sortzen duen nostalgiarenak. 

Hauexek dira dokumental honekin batera 2010eko Donostiako Zinemaldian, Zinemira euskal zinearen atalean estreinatutako beste hainbat lan:

-La plaza de la música (Juan Miguel Gutierrez)
-Mugaldekoak (Fernando Bernués, Mireia Gabilondo)
-Debekatuta dago oroitzea (Txaber Larreategi, Josu Martinez)
-Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen (Txaber Larreategi, Josu Martinez)
-80 egunean (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga)

ANALISIA 

Film honen bitartez esperoko ez nuen sentsazio bat zabaldu zitzaidan gorputzean, gordintasunarena. Egileek ez dute pelikula polit bat egin nahi izan, ez dute euskaldunon historia goraipatu nahi, ez eta propaganda merkea egin nahi ere. Helburu bakar bat gailentzen da dokumental osoa, eta hori errealitatea islatzea, kontatzearena da, gordina eta soila. Bertara joan eta ikusitakoa azaltzen dute, ukitu oso nostalgiko eta melankoliakoarekin, baina horren bitartez pantailan ikusten diren pertsonaien larruan jartzen gara eta sekulako errealismoa atxikitzen dio lanari.

Merezi du dokumental hau ikusteak. Batetik, azken urteetan gure herrian borborka dugun gaia baita imigranteena, eta beharrezkoa da jakitea gure herria urteetan zehar izan dela beste lurralde batzuetara lan bila, ilusio bila abiatu den horietakoa. Bestetik, egokitzapenaren aldetik oso da interesgarria, Bizkaiko baserri txiki batetik Amerikako Mendebalde urrunera salto eginda ematen den talka erabatekoa. Eta azkenik, horrenbeste euskal familiatan kasu izan diren “amerikano” hauen bizimodua ezagutu, partekatu eta beren errealitatearen jabe egiteko. Estalkirik gabe, makillajerik gabe, gauzak benetan nolakoak diren ikusi ahal izateko.  


Julen Telleria Lopetegi
(2. taldea)
Ikus-entzunezko komunikazioa 31. taldea

No hay comentarios:

Publicar un comentario